XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ados zeudenez, bazkari legea prestatzen hasi ziren.

Arestian bere burua Harry Hurry bezala aurkeztu digun mutil hori baino giza eredu bikain osatuago bat aurkitzea ez da bat ere erraza.

Bere benetako izena Harry March zen; baina mugako gizonek, azalgorrien ohiturari jarraiki, Harry Skurry (beti presaka dabilena) goitizena jarri zioten, oso odolberoa baitzen berau, erasoetan ausarta, eta muga bere zabalera guztian zeharkatzen inor baino bizkorragoa.

Skurry hitza Hurry hutsean geratu zitzaion azkenean.

Harryren luzera bi metrotik gorakoa zen, eta bere gorputz adarrak neurri egokikoak ziren. Aurpegikera eder eta atsegingarrikoa zen; ibilkera arina eta bizkorra berea; eta osotasun guztian begiratuta baldar samarra bazen ere, giza irudi bikaina eta liraina benetan berea.

Deerslayer, Basahuntz Ehiztaria, oso bestelakoa zen.

Luzera onekoa; bere oinetakoen gainean metro bat eta laurogei zentimetro ematen zituen; bere gorputz bikain giharretsuak aparteko bizitasuna eskaintzen zuen.

Aurpegi itxurak ez zuen ezer apartekorik, baina ezagun zuen oso gaztea zela.

Eta pertsona osoari zerion leialtasuna hain zen bete betekoa, bizpahiru hitz trukatzea aski baitzen mesfidantza guztiak alde batera uzteko.

Gure ehiztariak gazteak ziren: Harry Hurryk hogeita zazpi urte zeuzkan, eta bere lagunak urte batzuk gutxiago.

Beraiek ondutako basahuntz larruz jantziak zeuden, baina hala ere zibilizatu kutsua nabari zitzaien.

Batez ere, erraldoiak baino itxurosoagoa ematen zuen Basahuntz Ehiztariak, eta bere arma txukunak irudi dotorez apainduak zituen.

- Tira mutiko esan zuen erraldoiak, eser zaitez eta ea ematen duzun delaware baten irudiari dagokion neurria, antza denez tribu horretan hezia zara eta.

Eta hori esatearekin batera, europar nekazari baten bazkari osoa adinako okela zati bat irentsi zuen.

Eser zaitez behingoz jarraitu zuen erakuts iezaiozu Basahuntz honi zure matrailezurren indarra, lehenagoen erriflearekin zure adorea erakutsi diozun bezala.

- Adorea! Zer adore behar da basahuntz bat hiltzeko? Pantera edo jaguar bat balitz, beste kontu bat litzateke; baina, basahuntz bat! Ongi diote delawareek...